Select Page

 

Ni Jon naiz, 20 urte ditut eta Harrobian Kiroleko goi-mailako zikloko praktikak egiten ari naiz. Abentura praktikak egitea aukeratu nuenez, nire praktikaldia bi zatitan banatuta dago. Alde batetik, Gaude fundazioarekin lanean egon naiz, Gobelako polikiroldegian, martxoaren 4tik apirilaren 12ra eta beste aldetik, Ur Lekeition lanean nago, apirilaren 15etik maiatzaren 24ra arte.

Gaude, adimen ezgaitasuna duten pertsonekin lan egiten duen elkartea da, elkarte honen helburua pertsona hauen inklusio soziala eta autonomia sustatzea da, kirol eta aisiaren esparruetan. Horretarako hainbat ekintza ezberdin eskaintzen ditu, igeriketa, futbol sala, senderismoa… baina nik gehien ukitu dudan eremua igeriketa izan da. Nire ordutegia arratsaldeko lauretatik zortzi eta erdietara izan da, horretarako metro hartu eta Gobelako kiroldegiaren sarreran, erabiltzaileak eta monitoreak itxaroten nituen. Haien autonomia mailaren arabera aldageletara laguntzen genien ala bakarrik joaten ginen, eta honen ostean igerilekura sartzen ginen; egunean 4 taldek entrenatzen zuten, lehenengo hirurak 45 minutuko entrenamenduak egiten zituzten, eta azken taldeak ordu eta erdiko entrenamendua. Azpimarratu nahi dut laugarren taldearen entrenamendua konpetiziora bideratuta dagoela, izan ere, nire praktikako bigarren astean, 4. taldeko kirolariak Sevillako txapelketa nazionalera joan ziren eta 10 domina irabazi zituzten.

Hasiera batean ez nuen nire burua prest ikusten, kurtsoan zehar ez ditugulako igeriketa teknikak hainbeste sakondu. Baina denbora pasa ahala, eta monitoreek emandako baliabideekin oso eroso sentitzea lortu nuen. Igeriketa teknikak ikasteaz gain, bizipen honek begiak zabaldu dizkit ezagutzen ez nuen mundu batera, honekin esan nahi dudana da, haiek nitaz ikasteaz aparte, nik haiekin gehiago ikasi dudala eta harreman oso estua sortu dela, monitore zein erabiltzaileekin.

Ur Lekeitio elkarteari dagokionez, lehen esan bezala apirilaren 15ean hasi nintzen eta bakarrik aste bat daramat bertan. Elkarte hau Lekeition dagoela ematen duen arren, ni leku askotan egon naiz praktiketan, Mendexako eta Laidan. Mendexan abentura parke bat dago, eta bertan tirolina eta zailtasun maila ezberdinetako erronkak daude. Laidan, berriz, piraguak eta kayak-ak alokatzeaz gain, irteerak egiten dituzte talde ezberdinekin (familiekin, eskola/ikastola taldeekin…) Lea Artibaitik.

Hasieran, deseroso sentitu nintzen, inork ez zidalako informaziorik ematen. Baina egunak pasa ahala, enpresa horren funtzionamendua ezagutzen joan nintzen eta harremanak egiten bertako lankideekin. Gero eta erosoago sentitzen naiz eta ikasten ari naizena praktikan jartzen dut.

Azkenik, aipatzekoa da Harrobiako ikasleak kurtsoan zehar Gorabide elkartearekin harremanetan egon garela, asteartero entrenamenduak egiten. Nire praktikaldiaren ordu kopurua betetzeko, Gorabideko erabiltzaile batzuekin proiektu honekin jarraitzea erabaki genuen. Haiekin oso gustura egon naiz, eta harreman oso estua sortu dut ikasturte osoa daramagulako elkarrekin. Honetaz aparte, argi dago eremu horren inguruko nire ezaguera maila igo dela.